Basamortuko zeharkaldi baten modukoa zen. Bazirudien ezin amaituzkoa zela, eternoa. Jainkoaren madarikazio baten modukoa. Baina, dirudienez, zerbait mugitua da, eta arrakalatzen hasia ezin eraitsizkoa zen harresi bat. Bob Dylanek duela berrogeita hamar urte baino lehenago kantatzen zuen bezala (1963), «aldaketa aro da hau, lagun». Bederen, Nafarroa Garaian.
Aspaldidanik giroan zebilen aldaketa bat da. Nabarmena izan da sumindura, antzemateko modukoa, eta etsipen kolektibo halako bat, eguneroko bizimoduko gertaera eta gertakari zenbait direla-eta, baina ez gatzgabeak eta ez garrantzigabeak, baizik eta gizartearen hurbileneko tasunarekin zerikusia dutenak. Horixe sumatu dugu mespretxuz gobernatu izan dutelako (legeak ematean, ezartzean, bideratzean…), besteak beste, euskararen erabilera, gure seme-alaben hezkuntza, gure lurraren zonifikazio kultural eta identitarioa, eta hala tratatu dituztelako gure ondasun historiko, arkeologiko eta ondarezkoak ere, eraitsi eta hondakindegi bihurtzeraino, itzulbiderik gabe, eremu kalteberak izanagatik. Baina sumatu dugu, halaber, formetan, autoritarismoan, jazarpenean, gatazketan, debekuetan, aurrekontu politiketan…
Sumindura horrek kontzientzia hartze bat ekarri izan du, eta horrek areagotu egin du agintarien eta herritarren arteko arrakala. Iraintzat hartu dugu, esate baterako, gure euskal hizkuntzaren grafiarekiko mespretxua, toponimia izenak ezabatu izana, eta hedabide euskaldun batzuei lizentziak ukatzea atergabe, hala nola Euskalerria irratiari. Zer esanik ez Gazteluko plazako bidegabekeria, hango altxor arkeologikoa suntsituta, fusilatuen eta desagertuen memoria historiarekiko sentiberatasunik eza, delitu egiterainoko moduan tratatzea memoriarako hainbat toki, hala nola Errege-Erreginen Jauregia eta Ezkabako gotorlekua! Banderen gatazkak, hainbat gizarte mugimenduren jazarpena (Aranzadiko baratzeak eskatzea, Euskal Jai bertan behera uztea…); hori guztia, hain zuzen, gobernatzeko estilo bihurtua zuten, eta horrek berekin zekarren biztanleen sektore handi baten bazterketa, eta nafar izateko eta nafar nortasuna barneratzeko modu baten kontrako apartheid-a.
Ustelkeriak erabat zipriztindu du gobernatzeko modu hori, eta beste bidegabekeria batek utzi digu hori agerian: CAN Nafarroako Kutxaren likidazioak. Erakunde kaudimendun bat zen, eta «Foru Erkidegoak» bere esku zuen finantza baliabide propio bakarra. Nafarroako Kutxaren eskandalua hain da izugarria eta zaratatsua, ezen bitxia baita are eta garestiago ez ordainarazi izana oraindik haren errudunei.
Heldutasun politikoa erdietsia du, hain zuzen, euskarazko prestakuntza izan duen eta ondare erreferente propioak ere nahiko aise eskuratuak dituen belaunaldi batek, nahiz eta horretarako eragozpen latzak ezarri izan dizkioten Trantsizio deritzon aldi osoan foru gobernua gidatu dutenek, 36ko gerrako garaipenaren oinordekoek.
Belaunaldi aldaketa bat sumatzen hasia da, baina baditu beste alderdi batzuk ere. Ez da zerutik behera eroria mirari baten moduan, ez ustekabeko meteorito baten moduan, baizik eta umotzen ari den fruitu baten moduan.
Pentsamolde berri hori eratzen, berriz, eragile askok lagundu dute, ez gutxi-gutxik, baina horietako bat dugu boluntario eta ikastunen talde handi baten ahalegina, erregimena zalantzan jartzeraino jardun baitira kontzeptu hau oinarritzat hartuta: Nafarroa ardatz politiko duen Euskal Herria. Horrek bere aztarna utzi du gure kulturan, memorian, ondarean eta beste hainbat inguruabarretan. Alde horretatik, Iruñeko alkate berria, Joseba Asiron, zuzendari lanean aritu zen Nabarraldek 2010ean, 2011n eta 2012an antolatu zituen biltzarretan, Gaztelaren 1512ko konkistaren 500. urteurrena zela-eta egindakoetan. Egiteko horretan, ezbairik gabe, pertsona aditua eta gailena izan da Asiron.
Espainiako sistema politikoa, hain zuzen ere, helburu jakin batekin pentsatua dago: aldaketa egiturazkoak eragoztea, hau da, haien benetako buruzagiek —zeinak ez baitira, nahitaez, gobernuak daudenak— Estatu deritzoten horren aldaketa eragoztea. Nafarroa, Euskal Herriko ardatz historiko eta politiko den heinean, «Estatuko auzia» izan da haientzat, eta hala da oraindik ere. Aurrez ikustekoa da, beraz, eragozpen izugarri batzuei aurpegi eman beharko dietela Iruñeko Udala eta Foru Erkidegoko gobernua osatuko duten horiek.
Ondo baino hobeto dakigu independentziak, Estatu propio bat izateak ekar diezaiokeela benetako normaltasuna nazio konkistatu eta menderatu bati, baina aldi hain luze honetako itolarria, negazionismoa eta autogorrotoa ezin eramanezko bihurtuak zitzaizkigun halakorik pairatu behar izan dugunoi.
Lerro hauen bidez, animoak eta zorionak eman nahi dizkiogu Joseba Asironi, Iruñeko alkate berriari; oraingoz, bederen, nafar guztion hiriburu sinbolikoa izan behar du Iruñeak, bai eta euskal biztanle guztientzako erreferentea ere, ekialdekoentzat zein mendebaldekoentzat, iparraldekoentzat zein hegoaldekoentzat. Beste hainbeste opa diogu Uxue Barkosi ere, Foru Erkidegoko presidente gisa; izan ere, izen horrekin edo denon artean erabakitako besteren batekin bihurtu behar du Estatu independente, gure ustez, Nafarroak.
Zorioneko gaude nafar guztiok, euskaldun guztiok. Adorea eta pertseberantzia, horixe opa diegu Barkosi eta Asironi.
Comentarios recientes