Urtero bezala, maiatzaren 1ean martxa egingo da Ausako gaztelu zaharra (Zaldibi) zegoen tokira, Aralar inguruko mendialdean. Gipuzkoako zenbait taldek antolatzen du txangoa, tartean Erraztiolatza, Ipuztar Nafarrak, Hernani Errotzen… antzinako gotorleku nafarraren kokalekua bisitatu eta haren memoria berreskuratzeko helburuarekin.
Izan ere, Ausako historia gure herriaren gorabehera eta oinazeen historia da. Txindoki alboan duela, Aralarreko tontor garai batetik bere lurraldea antolatu eta babesteko eraiki zuen Nafarroak gaztelua, baina 1200ean garai latzak ezagutu zituen gotorlekuak, Gaztelak erresuma baskoiaren mendebaldeko lurraldeak konkistatu zituenean Ausako harresietaraino iritsi baitzen okupazioa.
Gerra fronte hartan ezarri zen, hain zuzen, Nafarroako eta Gaztelako armaden arteko muga berria. Hasiera batean lerro belikoa besterik ez zena, denboran aurrera muga instituzional bihurtu zen, identitate muga ia. Gaur egun instituzionalki eta ofizialki Euskadi (Euskal Autonomi Erkidegoa, Hiruak Bat…). eta Nafarroa (Nafarroa forala eta espainola, Foru Erkidegoa…) bereizten dituen marra dugu. Herri nafarra eta euskal herria banatzen dituen bereizketa eskizofrenikoa alegia.
Ausa nafarren esku geratu zen orduko hartan, eta Gaztelak lurralde nafarra erasotzeko erabili zituen jazarpen eta bide-lapurreriari eusteko oinarrizko pieza izan zen. Gaizkile eta Gipuzkoako jauntxoen oldarraldiek Ausarekin egiten zuten topo; leku estrategikoan kokatutako zaintza dorrea. Eta litekeena da arrazoi horrexegatik gerra jauntxoek gotorlekua begiko hartu eta etengabe eraso izana. Azken erasoa 1335ean eman zen, Lazkanotarren eskutik eta gaztelua birrindua geratu zen. Babes lerroa hautsi eta Ausa betirako desagertu zen horrela; hondamena, ahanztura eta utzikeria nagusitu ziren.
Egungora bueltatuz, oraindik orain gatazkatsuak diren eztabaidak bizirik dauden honetan, martxaren antolatzaileek oroimen leku honek herriaren babesean izan zuen garrantzia azpimarratu nahi dute. Memoria, historia, lurraldetasuna, nortasuna, botere arrotzen esku-hartzerik gabe antolatu nahi duen herriaren borondatea…
Ausa euskal lurraldea da zalantzarik gabe, baita gotorleku nafarra (Gaztelak ez zion inoiz garrantzia gehiegirik eman), hau da, herria eta independentzia babesteko tresna. Eta hori gogora ekartzea banatzen gaituen eskizofrenia horren aurkako antidotoa izan daiteke. Gaitz baita ulertzen nola batzuk nafarrak izateari utzi diogun eta beste batzuk euskaldun izateari. Nola inposatu zaigu horrelako zentzugabekeriarik? Gerra eta biolentziaren testuinguruan soilik uler daiteke horrelakorik. Ez da herriaren borondate edo nahitik jaiotako erabakia. Ezta herriaren garapen ezinbestekoari zor zaiona ere. Botere ez legitimo batek inposatutako indarkeria baizik.
Ausa gogora ekartzeak, sinbolikoki bada ere, muga hori naturalki existitzen ez dela egiaztatzeko balio du; euskaldunok inoiz ez genion utzi nafar izateari, ezta nafarrek euskaldun izateari, boluntarioki bederen. Gure memoria indartzeko ekitaldia da beraz, herri bateratu eta subirano izateko eta galdu genuen independentzia berreskuratzeko dugun nahiaren adierazle.
Comentarios recientes