“Errare humanum est”. Gizakiok huts egiten dugu. Esaeraren bigarren zatia, aldiz, ez da hain ezaguna: “sed perseverare diabolicum”. Huts egiteari eustea diabolikoa da. Deabrukeriatan sinestea modan ez dagoenez, beste esaera bat ekarriko dugu gogora hankabiko izakiok behin eta berriz akats bera egiteko dugun tendentzia deskribatzeko: Gizakia harri berean bi aldiz behaztopatzen den animalia bakarra da.
Behaztopatzeak tarteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Nafarroa Garaia eta Gipuzkoa banatzen dituen gaizkileen mugan jarri berri duen publizitate-kartelaren harira dator gogoeta hau. ‘Iruñea, Leizaran… Euskal Herria. Basque Country’.
Iragartzen denari buruzko zalantzarik sor ez dadin, zazpi lurralde historikoen ezkutuak jarri dizkiote kartelari. Hau da, Nafarroa osotasunaren zati txiki bat besterik ez da. Banandutako zatia, puska galdua, berreskuratu eta “gure multzoan” txertatu beharko litzatekeen pieza. Argi dugunon multzoan, alegia. Mezua ez da berria. Orain dela urte dezente gauza bera aldarrikatu zen lau haizetara, baina ondorio kaltegarriak izan zituen orduko hartan: Nafarroa Euskaldi da! Lelo bera; musika aldatu diote, eta lehen Euskadi kantatzen zen lekuan gaur Euskal Herria oihukatzen da, apartak garelako, eta EAJrengandik erabat ezberdinak (pentsamoldea, ikusi dugunez, oso antzekoa den arren).
Onartu beharra dago leku turistikoen kartela ongi planteatuta dagoela, publizitate tresna gisa bederen. Lehen baldintza konplitzen du: arreta piztea. Ez dadila oharkabean pasa. Eta zaurian gatza bota behar bada, ze erremedio! Polemikaren altuera eragiten duen orbanaren radioaren proportzionala da. Ezin zaio beraz ideiaren jabeari probokatzeko eta bazterrak nahasteko abilezia ukatu.
Navarreroen erantzuna aurreikusten erraza zen: baskoak datozela! Bataila zaharretan hildakoak gurutzada berri batera deitu nahian edo. Pozarren. “Nafarroa Euskaldi da” esaerarekin pagotxa izan bazuten, hauteskundeak izateko hilabete gutxi falta direlarik aurkeztu zaien aukera berri honekin pozarren daude. Mugak zain ditzagun! Barcina autobia ertzean, kartel azpian, mitina ematen imajina dezakegu jada.
Oroz marrazkilariaren bineta batek, justifikazio historikoa ardatz harturik, gauzak argitu ditu. Kartel bera, baina alderantzizko mezuarekin: “Donostia, Hondarribi, Malmasín, Durango… Nafarroako Erresuma”. Euskal Herria Nafarroa da, diosku bineta honek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mezu berbera, baina oinak lurrean dituela, gure iragana aintzat hartuz. Historiak, hain zuzen, gure errealitatea ulertzeko eta interpretatzeko ikuspegia eskaintzen baitigu. Euskadi, Euskal herria, Basque Country… hori guztia, Nafarroa izan da. Gure herriaren ikuspegi bateratu batez ari gara finean. Memoriak, bizi dugun zoritxarreko zatiketaren gainetik, irudizko batasuna eskaintzen du. Lurralde bakarra. Nazio bakarra. Historia bakarra. Borondateak, sentsibilitateak eta lurraldeak batzeko aukera ematen duen narrazioa.
Argi dago arazo bat dugula eta ez dakigula arazo horri zein konponbide eman. Eta Telesforo Monzonek aurreikusi bezala, gaizki planteatutako eztabaida horretan banaketarekin behaztopatzen gara behin eta berriz. Posizio ideologiko eta mitologia aurkarietan. Norgehiagokan. Ez navarrerismo ozpinduenak, ezta Azkoitiko zalduntxo edo Irurac bat iruditegitik eratorritako nazionalismo bizkaitarrak ez dute etorkizunerako proiektu bateratu bat eskaintzen. Erasmo Rotterdamgoak, “Eromenaren gorespena” obran zioen gizakia ergelkeria puntturik gabe ez litzatekeela jaiotzera iritsiko. Hortaz… etengabe jaiotzen ari ote gara?
Comentarios recientes